XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jainkoaren errebelazioa ez da kondairako gertakizun bat gehiago munduko beste gertakizunen ondoan: aintzinkondaira da, kondairarik gabeko gertaera, denborarik gabeko denbora, lekurik gabeko lekua, ezinezko ahala.

Agertzen duena baino gehiago ezkututzen du errebelazioak, irekitzen duena baino gehiago hersten.

Horrela Barthen metodu teologikoaren ezagutzera iristen gara: Jainkoaz eta bere errebelazioaz ez dago zuzenki berri ematerik.

Jainkoaren egia ezin daiteke giza hitz batean adieraz, beti esaera ta kontraesaera batean baizik.

Baiezko esaera bakoitza ezezko kontraesaera batean osatu ta zuzendu beharra dago ahal bezain laister.

Baietza ezetzean argitu behar da, ta ezetza baietzean.

Baietzaren eta ezetzaren artean dago jokoa, beraz.

Hori da Barthen metodu dialektikoa: Jainkoaz ezer esan orduko ukatu beharra, Jainkoari buruz ezer positiburik esan ezina.

Gizona ta gizazko den guztia dago Jainkoagandik urruti, oso urruti.

Gizona ta gizazko den guztia (kondaira, kultura) dago Jainkoaren epaipean.

Horregatik da ezinezko Jainkoari buruz ezer positiburik esatea, horregatik berehala ukaziora pasa beharra.

Guztia, ordea, ez da ukazio Barthengan.

Ba dago baita ere positibu alderdia: epaia graziaren nahiez gertatzen da.

Bainan indarra epaian egiten du Barthek grazian baino gehiago.

Azkenean Barthengan ezetza indartsuago da baietza baino.

Zer da sinesmena? Guzti honen ondorio bezala, sinesmena Barthengan mintzairarik gabe gelditzen da, ia mamirik ez duela sinesmenak, inoiz ere ez duela gizonaren posizio bat aurkezten, honen ukazioa baizik.

Honela ageri da, Barthek deskribatzen duenez, sinesmena: jainkotiar Ezezagunarekiko errespetoa da.